Dorretxe honetan jaio nintzen, 1491n, Amerika aurkitu baino urtebete lehenago. Antzinako zaldunen eta urrutiko gerren istorio asko kontatzen zizkidaten: Napolikoak, adibidez. Han hil zen nire anaia zaharrenetako bat. Behin esan zidanez, nire aitona Juanek, beste zaldun batzuekin batera, Gipuzkoako hiribildu askori desafiatu zieten, eta Enrike IV.a erregeak Andaluziara erbesteratu zuen, Granadako erresumaren aurka borrokatzeko.
“Zatoz, Iñigo” esaten zidan; badakizu zergatik den gure dorrea neurri batean adreiluzkoa? zure aitona etxetik bota zutenean, gizon batzuk etorri ziren eraikina botatzera, eta adreiluzko solairu hauek bakarrik jarri ahal izan genituen. Miretsita entzuten nion nire aitona Juanengan pentsatuz; haren ezpatekin jolasten zuten nire anaiek. Familiako txikiena nintzen, eta horregatik bihurriena.
Nire etxe aurrean, Egibar izeneko baserri bat zegoen. Izugarri gustatzen zitzaidan hura bisitatzea. Bertako “etxekoandreak” oso ondo tratatzen ninduen beti, eta ama bat bezala izan zen niretzat, umetan bularra eman baitzidan. Senarra errementaria zen, eta noizbait bere tailerrean sartzen uzten zidan, leihoetan jartzeko burdina nola egiten zen ikusteko.
Hamalau urte bete eta berehala, aitak zaldiz ibiltzera eraman ninduen, eta esan zidan oso bidaia luzea egingo nuela Gaztelara, Arevalo izeneko leku batetara. Kontatu zidan jauregian Juan Velazquez de Cuellar izeneko gizon garrantzitsu bat bizi zela, erregeen kontularia zena eta haren emaztea gure ahaidea zela. Loiolako seme bat beren babespean hartu nahi zuten, beraiena izango balitz bezala hazteko.